XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Kasu posible guztien konbinatoria lortzeko, faktoreak banandu egin behar dira, aldiko faktore bat aldatzen dela, besteak iraunkor (aldakaitz) mantenduz.

Itzulkortasun operatorioaren bi mekanismoak (Ukazioa eta Erreziprozitatea) sistema bakarrean uztartzen dira.

Pentsamendu formalaren egitura orokorraren ondoan, egitura bereziagoa eta espezifikoagoa duten Eskema Operatorio Formalak (Inhelder-Piaget. 1955) kokatzen dira: problema-multzo bati aplika dakizkiokeen eskemak dira.

Pentsamendu Formalaren egitura orokorrak subjetuaren gaitasunaren edo konpetentziaren berri ematen bazuen, estruktura espezifikoago hauek subjetuaren performance edo aktuazio konkretutik hurbilago daude.

Bitarteko maila batean kokatuak daude.

Egitura orokorretan dutelarik iturburua, haien eboluziotik datozelarik, problema konkretuen askabide eta ebazpenerako darabiltzagu.

Subjetuaren konpetentziaren eta aktuazioaren arteko desfasearen arazoari irtenbide bat ematearren ikertu dira bitarteko eskema hauek: eragiketa konbinatorioak, proportzioak, bi erreferentzi sistemen koordinazioa, oreka mekanikoaren nozioa, probabilitatea, korrelazioa.

Pentsamendu Formalaren orokortasunaz

Hasiera batean (1955), 14-15 urtetarako finkatzen zela Pentsamendu Formala esaten zen.

Gerora (1970), 15-20 urtetara atzeratu zen adin hori.

Ondorengo ikerketetan (Dulit: 1972), adin horietan ere, erdiek baino gehiagok ez dituztela ariketa horiek gainditzen ikusi da.

Atzerapen edo ezintasun horren zergatiak arakatzean, zera ikusi da: ariketa formalak ebazteko subjetuek dituzten zailtasunak ez dira hainbeste gaitasun operatorioen arlokoak, haren aplikazioaren arlokoak baizik.

Zailtasun horiek, alde batetik, Estilo Kognitiboekin erlazionaturik daudela ikusi da.

Baina, bestalde, beste hipotesi hau ere aurreratu da: eragiketa formalak, oso-osoan eta erraztasunez erabili, subjetu bakoitzaren espezializazio-arloan bakarrik erabiltzen direla.

Kontuan hartuz, betiere, aurretiko esperientzia edukitzeak zaildu dezakeela ariketa baten ebazpena, subjetuaren ideia prebio okerrak tartean sartzen direnean.

Piaget-en teoriaren berrikusketa

Teoria piagetiarrak, hasieratan behintzat, gaitasunaren eredua landu zuen, aktuazioarena baino areago.

Horregatik izan ditu desfaseak ulertzeko zailtasunak.

Estadio jakin bateko bereizgarriak dituzten ariketa eta buruketen ebazpena ez dela adin berean gertatzen subjetu berberengan, nekez uler zezakeen.